XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Igo tipi tapa euskararen aldapa lemaren pean ospatuko da aurtengo Kilometroak

Datorren urriaren seian izango da Bergaran

Martxelo Diaz

DONOSTIA.

Kilometroak 91ren antolakuntza aurrera darrai datorren urriaren seian dena ondo atera dadin.

Aurten aukeratu duten lema Igo tipi tapa euskeraren aldapa.

Bergarako ikastoletakoek 110.000 edo 120.000 pertsona hurbiltzea espero dute, urtez urte gero eta jende gehiago azaltzen bait da euskeraren jai honetara, Andoainen ospatu zena aldera usten badugu eguraldi txarra zela eta.

Hainbeste jende jasotzeko aparkaleku bereziak behar dira eta antolatzaileek 20.000 ibilgailuentzat lekua prestatu dute Labegarietan, Mekolalden, San Juan-Uberan eta Maik lantegiaren ingurutan.

Aurtengo zirkuitoak zortzi kilometrotako luzera dauka eta Aranzadi ikastolatik aterako da Martinez de Irala arearantz jotzeko.

Han ikuskizunak, taberna, komunak, eta larrialdi zerbitzua izanen dira.

Hemendik San Joxepera joko du ibilbideak Askatzutik jarraitzeko San Martzialera iristeko.

Hemen beste area garrantzitsu bat ipiniko da ikuskizun, joku, taberna eta guztirekin.

San Martzialetik Lamaino Etxeberrirantz jatsiko da herrira Labegaraietatik sartzeko.

Hemen bazkariak eskuratu ahal izango dira.

Jan eta gero bi kilometro geratuko dira Labegaraietatik Aranzadira joateko.

Diru kontuak

Diru kontutan sarturik, Kilometroak 91ren antolatzaileek 45 edo 50 milioi pezeta batzea espero dute datorren urriaren seian.

Dirutza hau, ohi denez, horrela banatuko da: zati hat Gipuzkoako Ikastolen Elkartearentzat izango da, beste bat Seaska Iparraldeko Ikastolen Elkartearentzat, beste bat Nafarroako ikastolentzat eta azkenekoa Bergaran geldituko da.

Bergaran geratzen denaren %80a aurten Kilometroak antolatzen duen Aranzadi ikastolarentzat izango da eta beste %20a Mariaren Lagundia ikastolarentzat, festa honen antolakuntzan lagundu duena.

Aranzadi ikastolakoek lortutako diruarekin Erremintegi edo Real Seminario de Nobles delakoaren etxe zaharraren birmoldaketa eta berritzeari ekingo diote.

Hobekuntza honekin Hezkuntz Sistemaren Erreforma euskara eta ikastolentzat suposatzen duen erronkari aurre egin nahi diote.

Erreforma honek derrigorrezko heziketa 16 urterarte luzatzen du, 12-16 urte dutenentzat etapa berri bat ezarriz.

Honen aurrean, ikastola 12 urterarteko heziketa mailekin gera daitekenaren arriskua ikusten dute Bergaran.

20. urteurrena

Aurtengoan Bergarako Aranzadi ikastolakoek arrazoi bikoitza daukate pozik egoteko.

Alde batetik Kilometroak antolatu behar dutelako, eta bestetik ikastolaren 20. urteurrena ospatzen ari direlako.

Beraz, festa bikoitza izango dugu Bergaran urriaren seian.

Hogei urte igaro ondoren, Bergarako Aranzadi ikastolan mila haur aritzen dira gutxigorabehera.

Eskolaurrean hamabi gela dituzte, OHOn 33 eta beste bi hezkuntza berezietarako.

56 irakasle lan egiten dute ikastola honetan.

Kilometroak bat antolatzea lan itzela da eta ikastolako partaideai ez ezik herri guztia aritzen da lanean.

Orain 200 pertsona bigarren fase honetan lan egiten badaude ere, hamabostaldi kulturala prestatzen eta abarretan, urriaren seian 2.000 baino gehiago izango dira lanean arituko direnak.

Hamabostaldi kulturala

Hamabostaldi kulturalaren zehar ekintza ugari ospatu dira dagoeneko Bergaran.

Horrela Erreala eta Athletic-eko beteranoen taldeek futbol partidu bat jokatu zuten, Arrate eta Bidasoa eskubaloian aritu ziren eta ardi txakur lehiaketa, Mikel Laboa eta Ruper Ordorikaren kontzertua, zine emanaldiak, magia, eta pailazoak izan dituzte dagoeneko.

Oraindik ere gauza ugari izango dituzte Bergaran Kilometroak ospatu baino lehen.

Musika eskolako saioa Abenturak eta kalenturak zinea haurrentzat, Ehun metro zine kluba, eta kalejirak.

Urriaren bostean dagoeneko euskararen jaia hasia izango da, gauean berbena izango bait da Plazan Izadi taldearekin eta rock jaialdia Txibiston.

Erakusketa ugari ere badaude ikusteko: logotipoena ikastolako sarreran, zeramikakoa; Loidi, Azkargorta, Moises Eguren eta Simon Arrieta margolariena Kultur Etxean.

Jubilatuen lanak eta Bergarako pilotaren historia argazkitan ikusgai daude ere.

Haurrek ere ikastaro bereziak izan dituzte.

Hasiera eta erdi ziklokoek argazki eta hondakin materialei buruzko ikastaroetan aritu dira eta goi ziklokoek, aldiz, erreziklaia arloa lantzen egon dira.

Urriaren seia egun nagusia izanik, dantzari, bertsolari, txistulari, errokodromoa, herri kirolak eta beste Kilometroak-en edizioetan emandako ospakizun ugari izango dira ikusgai Bergarara hurbiltzen diren guztientzat.